Interakzioa errealitate bat da joko fisikoetan

Interakzioa errealitate bat da joko fisikoetan

Jostailuen Internet errealitateetako bat da gauzen Interneten barnean. Berrikuntza teknologikoak iraultza eraman du jostailuen industriara: errealitate areagotuko liburuekin hasi, eta pertsonekin hitz egiten duten jostailuetaraino.

Smart Toys edo jostailu adimendunak Gabonetako erosketen saskiak betetzen ari dira. Teknologia barnean daramaten jostailuak dira, eta, Interneteko konexio baten bidez, orain arte oso gutxi ezagutzen ziren mugetaraino eramaten dute erabiltzaile-esperientzia.

Haurrek beren peluxe edo panpinekin izaten dituzten bakarrizketak historiako zerbait izango dira. Elkarrizketak imajinatu beharrean, benetako elkarrizketak izango dituzte smartphone, tableta, ordenagailu edo telebista adimendunak erabiliz.

ToyTalk teknologiari esker, haurren eta haien jostailuen arteko interakzioa gertatzen da. Appleren Siri ahots-morroiaren antzera funtzionatzen du. Oren Jacob da Toy Talk-en sortzailea –Jacob-ek bere ibilbide profesionalaren parte handi bat Pixarren egin du–; software hori gai da ahotsa ezagutu eta mezua deszifratzeko; beraz, elkarrizketa luzeak egiteko aukera emango du. Elkarrizketak hodeian gordeko dira, eta gidoilari batzuk arduratu dira haiek analizatzeaz erantzun egokiak sortzeko.

Nintendo, Walt Disney eta Lego ere bildu dira joera berrira, eta zenbait joko sortu dituzte, zeinetan figura fisikoak bideo-jokoen parte baitira. Haurrek sortutakoak bizia hartzen du mundu birtualean, ezagutza-sistema bati esker. Hala, pertsonaiekiko interakzioa gerta daiteke. Gainera, haietako asko kode irekikoak dira; horrek esan nahi du nahi duenak zabaldu ditzakeela jokoaren mugak.

Eraldaketa hori ez da jokoetan amaitzen. Liburuek ere bizia hartzen dute errealitate areagotuari esker. Istorioak jada ez dira tintara murrizten, eta irakurleak aukera izango du haietan barneratzeko smartphone edo tableta bat eta aplikazioa erabiliz. Hala, pertsonaiekin interakzioan jarduteko aukera izango da, edo kontakizuna girotzen duen musika entzuteko edo gertaeren lekuan nork bere burua kokatzeko aukera.

Joko horiek ere badituzte beren segurtasun-protokoloak. Beraz, Smart Toy bat erosteko asmoa baduzu, komeni zaizu gauza batzuk galdetzea:

  • Beharrezkoa da gurasoen berariazko adostasuna edo baimena?
  • Elkarrizketak anonimoak dira?
  • Geolokalizazio-daturik gordetzen dute?
  • Badago pertsonarik tartean?
  • Badute aukera gurasoek beren seme-alabek sortzen dituzten fitxategiak monitorizatzeko?