Zazpi aholku lehen smartphonea ondo erabiltzeko

Zazpi aholku lehen smartphonea ondo erabiltzeko

Gure seme-alabei telefono adimendun bat ematea erantzukizun- eta heldutasun-ariketa bat izan daiteke, bai seme-alabentzat, bai gurasoentzat. Hona hemen aholku batzuk, erabilera hori guztiontzat ona izan dadin:

Konfiantza-giroa sortu

CEzinbestekoa da gure seme-alabekin komunikatzea. Azaldu egin behar diegu zer egin dezaketen eta zer ez, zer dagoen ondo eta zer gaizki. Euskaltelen Lehen kontratuko adibideak lagundu diezaguke elkarrekiko konfiantzan oinarritutako arau batzuk adosten.

Jokoaren arauak ulertu

Gure seme-alabekin konplizitatea izateko, smartphoneekin zer egiten duten ulertu behar dugu. Deiak egiten dituzte, baina orobat erabiltzen dute komunikatzeko, argazkiak ateratzeko, bideoak grabatzeko, sarean nabigatzeko, telebista ikusteko, jolasteko, etab. Gazte bakoitzak desberdin jokatzen du, eta, horregatik, garrantzitsua da jakitea gure seme-alabek zertarako erabiltzen dituzten telefonoak. Hitz egin dezagun haiekin erabilerari buruz.

Okerrak elkarrekin zuzendu

Huts egitea ikaste-prozesuaren parte da. Gure seme-alabak okerren bat egin dezakete. Horregatik, huts-egiteak elkarrekin zuzentzen saiatu behar dugu, hori baita ikaste-prozesuko puntu garrantzitsuenetako bat. Okerrak egiteari uzten ez badio, guraso-kontrola erabiltzeko aukera dago.

Informazio pertsonala babestu

Telefonoetan informazio asko gordetzen da: argazkiak eta bideoak, era guztietako kontuetako saio-hasiera automatikoak, etab. Beti da ona sarbide-kodeak ezartzea; hartara, inork ezin du informazio hori eskuratu, telefonoa galtzen badugu edo lapurtzen badigute.

Bateragarriak izan

Komeni da ondo informatzea seme-alabei lehen mugikorra erosi aurretik. Adibidez, lagungarria izaten da etxeko gainerako kideen sistema eragile bereko mugikorra erostea. Hartara, errazago ulertuko dugu nola erabiltzen duten. Gainera, guztion gailuak bateragarriak izango dira, eta egutegiak, posta eta abar sinkronizatzeko aukera izango dugu.

Telefonoa zaindu

Lehen smartphonearekin, pertsona arduratsuago eta helduago izateko bideari ekingo diote gure seme-alabek. Baina, ez gaitezen engaina, baliteke telefonoak galtzea, puskatzea edo lapurtzea. Horregatik, komeni da pantaila-babesleak erabiltzea eta iraupen luzea bermatzen duten mugikorrak erostea.

Izan eredu

Gazteek inguruan ikusten dutena imitatzen dute; beraz, haien eredu izan behar dugu. Ulertarazi behar diegu ezin direla noiznahi erabili gailu mugikorrak (adibidez, otorduetan, klasean, etxeko lanak egitean, etab.). Hala, gurasook izan behar dugu arduraz jokatzen lehenak.